Uharte Zentroak, NUPek eta EHUk elkarlanean eskaintzen duten Praktika Artistikoen eta Kultura Ikasketen Masterrak sorkuntza, ikerketa eta esperimentazioa uztartzen ditu. Prestakuntzaz gain, ikasleei Nafarroako arte garaikidearen sarean eta komunitatean parte hartzeko aukera eskaintzen die
Uharte Zentroa arte garaikidearen ikerketa eta esperimentaziorako erreferentziazko gunea da Nafarroan. Bertan eskaintzen da Praktika Artistikoen eta Kultura Ikasketen Masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako ikasketa programa. Modalitate erdi-presentzialean garatzen da eta ikerketa artistikoa, sorkuntza garaikidea eta pentsamendu kritikoa uztartzen ditu.
Ekhiñe Etxeberria, masterreko arduraduna, eta Mikel Barberia, komunikazio arduraduna, Guardasola saioan izan dira. Azaldu dutenez, masterraren berezitasunetako bat ikasle bakoitzak bere interesen arabera ibilbidea moldatzeko aukera izatea da. Baina prestakuntzatik harago ere badoa, Uharte Zentroaren egunerokoan integratzeko, beste artista batzuekin harremanak sortzeko eta Nafarroako arte garaikidearen komunitatea indartzeko espazioa ere bada.
Oraindik, masterrean izena emateko epea zabalik dago. Ikasketen eta Uharte Zentroan antolatzen dituzten eskaintza ezberdinen inguruko informazio guztia bere webgunean eskuragarri dago.