Urritik ekainera hausnarketa eta esperimentazio prozesua oinarri izango dituen proiektua aurkeztu dute ostiral honetan Errenterian
Martin Sansinenea
Errenteria
11/09/2026 Actualizado 12/09/2026 - 18:20h.
Euskal musikaren egungo egoera aztertzea eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat egitea. Hori izango da '(Kontra) zirkuituak. Euskal musikagintzaren tentsioak distentsioz' ekimenaren helburua, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak aurkeztutako azken proiektua. Ostiral honetan izandako aurkezpenean argi geratu da hau ez dela «proiektu sinple» bat, analisi sakon bat eskainiko duena baizik. Horrela azaldu du Goitz Oiartzabalek, Badalabeko zuzendaria.
«Ekimenak euskal musikagintzaren egungo tentsioak azaleratu eta etorkizunari buruzko elkarrizketa kolektiboa sustatuko du», azaldu du Oiartzabalek. Horretarako, «galderak, kontraes tokiko espazioak eta esperientzia artistikoa uztartuko ditugu». Zentzu honetan, Badalabeko zuzendariak azpimarratu duenez, «musikaren egungo egoerari ikuspegi desberdinetatik begiratzen zion espazio baten falta sumatzen genuen».
Horregatik, zortzi gai jarriko dira mahai gainean Euskal Herriko espazio ezberdinetan. «Jimmy Jazzen jaialdi handien eragina eta finantzaketa publikoa aztertuko dira; Biran, zirkuitu txikiak eta espazio herrigileak; Aiaraldea Ekintzen Faktorian, euskaraz sortzearen zentzua eta potentziala; Astran, entzuleen eta kultur kontsumoaren eraldaketa; Sanagustin Kulturgunean, lan-baldintzak eta antolaketa- ereduak; Laban, sareak, plataformak eta algoritmoak; eta Xaia ostatuan jabetza, sormena eta adimen artifiziala» izango dira jorratuko diren gaiak.
«Egunerokoan musika programazioa egiten duten espazioak dira eta euskara eta herrigintza ardatz garrantzitsuak dira. Aldi berean, izaeraz desberdinak dira. Euren kokapena ere garrantzitsua izan da», adierazi zuen Oiartzabalek.
Lehen geltokiari dagokionez, informazio guztia eskaini dute aurkezpenean. Urriaren hamabostean Gasteizko Jimmy Jazzen bilduko dira 18.30etatik aurrera. Bertan Iker Arroniz, Juantzo Arakama, Sara Zozaya, Mateo Zikuta, Maia Iribarne eta Miren Narbazia izango dira. Gaiari dagokionez, makrofestibalei eta dirulaguntzei buruz hitz egingo dute.
Bigarrena, aldiz, Bilboko Biran izango da eta zirkuitu txikiak eta espazio herrigileak izango dituzte. Bertan Leire Vargas, Jule Goikoetxea, Fermin Muguruza eta Jon Maia Soria bertsolaria izango dira.
Zentzu honetan, Lutxo Egia, Bira Kulturako kidea hitza hartu du. «Nahiz eta gure eszenan nahiko ezberdintasun egon azpimarratuko nukeena da proiektu honek gure artean dauden arloak partekatzeko aukera emango digula.
Musikaren eraginaAurkezpenean, gainera, beste adituak ere izan dira. Nando Cruz musika-kazetari eta kritikaria bertan izan da eta zuuzeneko musikaz, grabatutakoaz, makrojaialdiei buruz hitz egin du. Bertan, galdera bat utzi du. «Topaketa, jaialdi edo makrofesta bat egin eta gero zer geratzen da antolatutako espazioan?». Hauxe da «erantzuteko galderetako bat». Cruzek azaldu duen moduan, «musika ezin da eragin ekonomikoarekin bakarrik nurtu, haren eragin soziala ere neurtu behar da». Gainera, azpimarratu duen bezala, «komunitatea sendotzeko,pentsamendu kritikoa sustatzeko, etorkizun berriak irudikatzeko eta euskara transmititzeko balio du musikak».