Вход на сайт

Просмотр новости

Найдите то, что Вас интересует

Nola euskaldundu errespetuz?

Дата публикации: 22-06-2026 06:00:00

Urrun gaude euskararen normalizaziotik, asko falta da Euskal Herria euskalduntzeko. Baina badago euskara inposatzen ari dela sentitzen duenik ere; gehiegi eskatzen ari garela, eta erdaldunak baztertzen.

Основное содержимое страницы с новостью.

Eztabaida pil-pilean dagoela mahai-ingurua antolatu du ALEAk, pentsatzeko zein diren hurrengo pausoak euskararen normalizaziora bidean. IAKn bildu ditugu Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko Euskara zerbitzuburu ohia, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria eta Pello Igeregi ELA sindikatuko euskara arduraduna. Oldarraldi judiziala deitu denaz hizketan jarri ditugu, hasteko.

Larrañagak argudiatu du oldarraldi zaharrak orain oposizioen helegite forma hartu duela, baina bere ustez sakoneko asmoa dela "ez dutela nahi gu gizarte elebidun batean bizitzea". Hori izan da mahai-inguruaren muinetako bat, ea helburu partekatua baden etorkizunean denok izatea elebidun. Erritmoari buruz eta jarri beharreko baliabideei buruz ere hausnartu dute, baina hiru hizlariek nabarmendu dute helburua elebitasuna dela.

Gizarte elebidun batean bizitzeak soilik bermatuko ditu benetan euskaldunen hizkuntza eskubideak, hiruen ustez. Baina hori eskatzeko legedia ahula dugula ohartarazi du Gaubekak, eta horren ondorio dela egungo oldarraldia. Gaubekak dio araudiaren oinarria izan behar dela hiztun komunitateen arteko ekitatea, erreparatu beharrean leku bakoitzeko hiztun kopuruari. Eta atzera omen goaz alde horretan. "Orain dela urte batzuk posible zena gaur egun ez da posible", nabarmendu du Igeregik, eta eztabaida "probokatu" egin dutela batzuek, emandako aurrerapausoetan atzera eginarazi nahian.

Gizartearen gehiengoa ez da euskalduna. Zer erritmotan eskatu daiteke administrazioa edo gizartea euskalduntzea? Zer litzateke gehiegi eskatzea, erdaldunen eskubideak urratzea? Gaubekak gogorarazi du haiek Behatokian "egunero-egunero" ikusten dituztela arreta euskaraz jasotzeko oztopoak, "baita eremu oso euskaldunetan ere"; eta azpimarratu du, "urrun gaude gehiegi eskatzetik".

"Gurasoek ikusi zuten A ereduak ez duela balio hemen bizitzeko"
Jokin Larrañaga

Igeregik nabarmendu du "hemen beti eskatzen den hizkuntza bakarra gaztelania dela, lanpostu guzti-guztietan. Eta euskara, batzuetan soilik". Erdaldun elebakarrei denbora eta baliabideak eman behar zaizkiela nabarmendu du, baina administrazioa euskalduntzea oso garrantzitsua dela. "Gaur uko egiten badiogu administrazioak erabat euskalduntzeari, horrek esan nahi du uko egiten diogula Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea izateari bizitzako esparru guztietan".

Errealitate soziolinguistikoa abiapuntu

Euskara eskakizunen gehiegikeriak kritikatzean, aipatu izan da ez dela kontuan hartzen egungo errealitate soziolinguistikoa, eta horren araberakoak izan beharko luketela eskakizunek. Mahaiko hiru hizlariek, aldiz, salatu dute errealitate soziolinguistikoa abiapuntu gisa hartu behar dela, ez muga gisa, hortik hazi ezin izateko. Larrañagak gogorarazi du errealitatea aldatzen ari dela, gainera, "Arabako ulermen maila, 35 urtetik behera, %85ekoa da, ia unibertsala. Ezin dute esan gizarte honetan euskara ez dela garrantzitsua".

Igeregik ohartarazi du "erdaldun elebakar izateko aukera" bermatu nahian ari direla aktore batzuk. 80ko hamarkadako kontsentsua apurtu izana leporatu diete indar euskaltzaleei zenbait alderdik, baina Igeregiren ustez kontsentsu horren oinarriak ziren euskalduntzea eta progresibotasuna; "baina ez zen zalantzan jartzen erabateko euskalduntzea izango zela helburua".

"Egungo egoera abiapuntua da, ezin da erabili minorizazioa betikotzeko" Agurne Gaubeka

Gaubekak nabarmendu du ezin dela errealitatea erabili zonifikazioa egiteko, Nafarroan egin bezala, horrek egoera betikotzea dakarrelako, euskara gutxituagoa dagoen lekuetan betiko gutxitua mantentzea. Egoera soziolinguistikoaren jatorri injustua ere azpimarratu du Gaubekak, "minorizazio errealitate hau ez delako ezerezetik sortu".

Igeregiren sindikatuko kide batek esaten omen zuen "ez dela erloju garaia, brujula garaia dela". Abiapuntuaren arabera batzuek denbora gehiago beharko dutela jakinda, noski. "Askoz lan gehiago egin beharko da Barakaldo euskalduntzeko Ondarru euskalduntzeko baino, baina Barakaldoko euskaldunek ere eskubidea dute momenturen batean euskaraz bizi ahal izateko".

Ardura partekatua?

Eremu pribatua maiz gelditzen da halako eztabaidetatik kanpo. Jokin Larrañagak urteak eman ditu Arabako aldundian lanean Euskara zerbitzuan, eta adierazi du zaila dela eremu pribatuan eragitea. "Oso atomizatua dago sektorea, oso zaila da tokietara iristea; eta iristean ikusten dugu ez daudela araututa eskubideak eta derrigortasunak".

Gaubekak ere faltan bota du enpresentzako betebeharrak ezarriko dituen araudia. "Nafarroan legeak ez du hizkuntzarekiko ezer aipatzen, ez betebeharrik, ez eskubiderik, ez eremu euskaldunean ere". EAEn badago horretarako legerik, 2023koa azkena, baina "aurrekoa baino okerragoa" dela salatu du, "gure eskubideei dagokienean". Araudia indartu beharra aipatu du. "Sustapena eta kanpainak oso ongi daude, baina betebeharrak behar ditugu".

Euskaraz egiteko eskatzea ez da erraza izaten gero egunerokoan. Nabarmendu beharrarekin lotsak eta deserosotasunak sortzen dira, eta baita arreta okerragoa espero izatea ere euskaraz egiteagatik. Igeregik azaldu du Justizia Administrazioan sartzen diren demanden %0,1 soilik dela euskaraz, eta hori ez dela "euskal herritarren borondatea soilik. Zapalkuntza estruktural baten ondorio da, eta jendea ez da ausartzen demandak euskaraz jartzen, badakielako zelan erantzungo dioten". Euskaldunak erabat ohituak gaude gure eskubideei uko egitera, Igeregiren ustez.

Egoera honi buelta emateko ardura norena da, baina? Euskal Herrian bizi diren erdaldun elebakarrek ez dute egoera hau sortu, gehienek behintzat. Zein izan beharko litzateke haien papera hizkuntzaren biziberritzean? Bada ardura konpartiturik? Arabako hainbat eta hainbat erdaldunen ekarpena goraipatu du Larrañagak, "erdaldun elebakarrei esker izan da Araban egin den miraria biziberritzean. Ez zekiten euskaraz, eta beren seme-alabei euskaraz bizitzeko aukera eman zieten; horiek gaur egun euskaldun dira". Guraso azkarrak izan zirela dio Larrañagak. "Ikusi zuten A ereduak ez duela balio hemen bizitzeko".

Ardura partekatuari dagokionez, zer exijitu badagoela dio Larrañagak. "Gizarte elebidun batean bizi bagara, nik euskaraz bizi ahal izateko zuk zerbait jakin behar duzu". Bat dator Igeregi, denek izan beharko luketela kontziente "ez daukatela eskubiderik beren hizkuntza hautua beste inori inposatzeko". Baina nabarmendu du ez dela erantzukizun indibiduala, gizarte moduan jarri behar ditugula baliabideak "mundu guztiak izan dezan euskalduntzeko aukera erreal bat". Behin euskalduntzeko aukera erreala emanda, Igeregik dioenez, "erdaldun elebakarrak ikusi behar du esparru honetan pribilegio egoera bat bizi duela: bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea dauka". Justizia kontua dela nabarmendu du Gaubekak, "gizarte demokratiko eta berdinzalea izateko betebehar batzuk" daudela.

Nolatan ez da doakoa?

Zer da euskara ikasteko aukera erreal bat ematea jendeari? Aurrean dugun erronkaren tamaina ikusita, txiki gelditu daitezke euskara sustatzeko jarritako baliabideak. Hizlariek gaitzetsi dute euskara ikastea ez dela doakoa, eta hala beharko lukeela. Atzean erabaki politikoak daudela aipatu du Gaubekak, eta pausoak eman badira ere erraztasunak sortzeko, salatu du "pertsona askorentzat dirua aurreratu behar izatea arazoa dela". Gainera, doakotasun falta aitzakia gisa erabili izan dela ere salatu du, kontra egiteko administrazioan eskakizunak ezartzeari. Doakotasuna aldarrikatzeaz gain, lehentasun gisa jarri du Igeregik ikasteko denbora eskaintzea euskara ikasleei. "Beste hainbat arrazoirengatik baimenak eskatu daitezke, euskara ikasteko egon behar dira lizentziak, lan ordutegiak moldatzeko eskubidea... bestela batzuk soilik euskalduntzen dira, eta beste batzuek ez daukate horrenbesteko aukerarik". Euskara ikasi ahal izatea eskubide bezala jaso behar dela argudiatu du sindikalistak, langileen eskubidea izan dadila, "bestela eremu pribatua ez da sekula euskaldunduko".

"Eskubide gisa jaso behar da euskara ikasteko aukera erreala izatea"
Pello Igeregi

Larrañagak gogora ekarri du Jaurlaritzak iragarri berri duen Euskara Bonua, 120 euro ordainduta aukera ematen duena lau urtez euskara ikasteko, B1 mailara arte. Halako aurrerapausoak eman dira azken urteetan, jarri beharreko diru kopurua murriztu da, baina Larrañagak ohartarazi du "letra txikia" ere badutela, izan dirua aurreratzea, asistentzia bermatzea edo azterketa gainditu beharra, eta  baldintza horiek oztopo izan daitezkeela askotan.

Zailtasunak eta erraztasunak batuta, orokorrean, irabazten ari gara, ala galtzen? Igeregik zantzu oso argiak ikusten ditu euskalduntze prozesua ahultzen ari dela, eta izandako indargune batzuk ere galtzeko arriskuan daudela. Elementu positibo bakarra nabarmendu du oldarralditik, "zapalkuntza gorpuztu dela; ikusi dugu etsaia, eta horrek mugitzera garamatza". Horrez gain, eta azken hamarkadetako aurrerapausoak gutxietsi gabe, ezkor agertu da Igeregi, erdarek hegemonia dutelako, eta bakarrik erreproduzitzen dira, euskaraz egiteak esfortzua eskatzen duen bitartean.

Inertziak

"Umeek gaztelaniaz ikusten dute seriea, eta ikasten dute txistea gazteleraz egiten, erosoago daude eta gaitasun handiagoa dute gazteleraz egiteko", hausnartu du Igeregik. Ohartarazi du euskaraz egitea kontzientzia politiko baten ondorio soilik izango dela, jasandako injustizia historikoari aurre egiteko hautua egin duelako bakoitzak, eta gai hori lantzeko beharra azpimarratu du. "Euskara ez lotzea bakarrik instituzioekin. Morboa behar du euskarak, zapaltzaileak izorratzeko hizkuntza bat da. Izan dadila okerren dauden langileei bizitza hobetzeko tresnaren parte".

Gaubekak ere sentsazioa du "positiboegiak" izan garela hainbat urtetan, batzuetan "jasaten ditugun zapalkuntzak estaltzeraino". Ondoegi goazela pentsatzearen arriskua mahaigaineratu du Behatokiko zuzendariak, "pentsa daitekeelako orduan ez dugula ezer egin behar, eta badago mugitu beharra".

Larrañagak, berriz, mezu argitsuagoa zabaldu nahi izan du, arazoei ezikusia egin gabe. "Ez goaz atzera, eusten ari gara, eta ez da gutxi. Geldirik egotea ez da atzera egitea". Publikotik beste euskaltzale batek ere aldarrikatu du ikuspegi positiboagoa, eta gogorarazi du zein gogorra zen duela hamarkada batzuk administrazioan euskara eskatzea, zer zaila zen euskaltzale izatea Gasteizen. "Aurrera goaz".

Схожие новости

#Наименование новостиТональностьИнформативностьДата публикации
1'Euskal Herria euskalduntzeko pausoak' mahai-ingurua0514-06-2026
2"Euskal herritar osoak hezten ari gara Aresketan"0512-06-2026
3Urte osoan zehar euskaraz5712-06-2026
4Gasteizko euskalgintzak babesa adierazi dio ekainak 13ko Euskaltzaleon Martxari0504-06-2026
5Lautada bat jzioquitarrentzat0514-07-2026
6Aupa, Athletic!-5302-06-2026
7Juanjo Olasagarre: "Herritar moduan gertatu zaigun gauza handi bat izan da euskal gatazka"0507-05-2020
8"Euskaldunok erabaki behar dugu nola jokatu benetako harrera herria izan nahi badugu"0502-04-2019
9Seigarrenez da Amurrio Araba Euskarazen etxe5711-06-2026
10Euskara, Alemania eta G eredua0503-06-2026

Классификация: Мнения. Схожих патентов: 0. Схожих новостей: 10. Тональность: 0. Информативность: 5. Источник: alea.eus.